4. Familiei laguntzeko zerbitzu gisa eragin altua daukaten neurri garrantzitsuenak
Prestazio ekonomikoek ez ezik, familiei laguntzeko prestazioen mapa zenbait programak eta zerbitzuk ere osatzen dute. Horrela xedatzen du Familiei Laguntzeko 13/2008 Legeak, gizarte zerbitzuak, etxebizitza, hezkuntza, kultura, kirola, aisia eta astialdia eta garraioa arautzen baititu.
Hala ere, arlo horiek guztiek ez diete familiei maila berean eragiten. Aitzitik, nagusiki hezkuntzan, diru-sarrerak bermatzean, gizarte zerbitzuetan eta etxebizitzan daude neurri gehiago eta sakonagoak familientzako ondorioei dagokienez.
4.1. Hezkuntza
Aztertzeko ildo orokor gisa, familiei hezkuntzaren esparruan laguntzeko neurrietan, ustez ahultasun-egoeran dauden familia-motei lehentasunezko tratua emateko neurriak sartu dira, 13/2008 Legearen muinak xedatzen duenez.
Familiei hezkuntzaren esparruan laguntzeko neurriak Familiei Laguntzeko 13/2008 Legea baino lehen sortu ziren arren, lege horrek dio Eusko Jaurlaritzak “umeen eta gazteen hezkuntza bermatzeko” betebeharra daukala eta bereziki interesgarria den neurri gisa “0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolak sendotzea” aipatzen du.
Haur hezkuntza
EAEn, 0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur hezkuntzako lehen ziklorako plazen eskaintza publikoaz gain, haur-eskolen eskaintza pribatua dago, abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuak –Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko haurren Haur Eskolak 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan arautzen dituenak– eta azaroaren 16ko 215/2004 Dekretuak –0 eta 3 urte bitarteko umeentzako haur-eskolek bete beharreko gutxieneko baldintzak ezartzen dituenak– arautzen duten moduan.
Haurrentzako arreta-zerbitzuei buruzko neurri horrek lehentasunezko interesa dauka familiei laguntzeko neurri publikoetan, familiarekin lotura bikoitza baitu, hezkuntzarekin zein lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko politikekin lotuta dago-eta. Erakundeek haur hezkuntzako plazei dagokienez egiten duten eskaintza, esparru publikoan, hiru taldetan antolatzen da:
Haurreskolak: 0 eta 3 urte bitartean dituzten haurrentzako eskolak; Eusko Jaurlaritzak eta –orain arte– 167 udalek Haurreskolak Partzuergoari atxikitzeko egin dituzten hitzarmenetatik sortu dira.
Eskola publikoak: gelak Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpe, 2 eta 3 urteko ikasleei zuzenduta.
Haur hezkuntzako udal eskolak: Haurreskolak sarean sartu ez diren udalen menpe dauden eskola publikoak.
Esparru pribatuan, badaude kooperatibak, ekimen pribatua (laikoa nahiz erlijiosoa) bai eta aurrezki-kutxetako gizarte-ekintzen eskaintza ere.
Eredu horretan, familien erreklamazio garrantzitsuenek landa– eta hiri-ingurunetan Haurreskolak Partzuergoko plazak modu desberdinean banatzearekin daukate zerikusia nagusiki. Izan ere, horren ondorioz, udalerri txikietan plaza bat lortzeko zailtasunik ez dagoen arren, metropoli-ingurunetan zailtasunak nabarmenak dira, bereziki urte 1 baino gutxiagoko umeentzako geletan.
“Diferentzia handiak daude landa– eta hiri-inguruneen artean haurreskoletako plaza-kopuruari dagokionez. Esate baterako, Arabako herri batean plaza-ratioa ia %3 da, eta Bilbon, aldiz, %0,15 izan daiteke gutxi gorabehera”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
Era berean, EAEko udalerri guztiek ez daukate partzuergoarekin lotuta dagoen ikastetxerik eta batzuek udal-ikastetxerik ere ez daukate; horrek familia batek plaza bat erdiesteko dituen aukerak are gehiago zatitu eta dibertsifikatzen ditu, bizi den udalerriaren arabera.
2011. eta 2013. urteen artean, izaera esperimentalarekin, 0 eta 3 urte bitartean dituzten haurrak zaintzeko ekimen diferente bat garatu da: haur-etxeak, Europako beste herrialde batzuetan dagoen familia-habien ereduan oinarrituta. Haurrak zaintzeko zerbitzu hori zaintzailearen bizilekuan ematen da, umeak zaintzeko eta hartzeko bereziki egokituta eta hornituta baitago; 3 edo 4 umeko talde murriztuetan garatzen da, eta haurrak familia-habia batean artatzen dira.
Zerbitzu horrek gazteenentzako zaintza-modalitateen aukera zabaltzen zuen, hezkuntza-saretik haur-eskolen edo haurreskolen bidez egiten zen eskaintza osatzen baitzuen.
Pilotaje-fasea bukatutakoan, eta familia erabiltzaileek gogobetetasun-maila altua adierazi duten arren, zerbitzua eskaintza publikotik ezabatu da eta familientzako eskaintza pribatu gisa mantendu da merkatuan.
Derrigorrezko hezkuntza eta derrigorrezkoa ez dena
Haur hezkuntzaz gain, landa-laneko elkarrizketen eta eztabaidatzeko taldeen bitartez familia-ekonomiari eransten dioten kostuagatik familiak bereziki kezkatzen dituzten beste arlo batzuk identifikatu dira:
Liburuen mailegua
EAEn testuliburuak mailegatzeko eta berrerabiltzeko programa EAEko ikastetxe publikoetan Lehen Hezkuntzako etapan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen eta bigarren mailetan ikasten duten ikasleei zuzentzen zaie.
Aurrekontuetako doikuntzen ondorioz, liburu bakoitzaren bizitza baliagarriko zikloa de facto luzatzen ari da: hasiera batean lau urte aurreikusten ziren arren, orain gutxienez sei urte irauten du. Era berean, eta 16 urteez haraindi luzatzea aurreikusita bazegoen ere, Bigarren Hezkuntzako azken bi ikasturteak oraingoz ez dira programan sartuko, eta horrek familiak eskola-material horretan egiten duen inbertsioa igoarazten du.
Familiek liburuen kostu errealaren %20 inguru (26 eta 44 euro bitartean, ikasturtearen arabera) ordaintzen dute, eta gainerakoa administrazioak hartzen du bere gain.
“Testuliburuen kostua zailtasun nabarmena da seme-alabak dituzten familientzat. Ahalegin handiz egin behar diegu aurre kostu horiei”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
Jantoki-zerbitzua
Jantoki-zerbitzuak, elikatzeko eta bizi-aztura osasungarrietan hezteko daukan oinarrizko eginkizunaz gain, bateratzeko laguntza garrantzitsu bat eskaintzen die familiei.
Eskuarki, zerbitzu horren zati bat Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du, menuaren kostearen bi heren bere gain hartzen baititu, eta beste herena familiek ordaintzen dute. Menu bakoitzeko prezio publikoa 3,30 € eta 4,30 € artean dabil, eta urteko kostua, aldiz, 550 € eta 800 € artean.
Ikastetxeetara iristeko mugikortasuna
Sare publikoan eta derrigorrezko etapetan eskolatuta dauden ikasle gehienek Hezkuntza Sailak prestatutako doako garraio-zerbitzua daukate. Modu osagarrian eta edozein arrazoirengatik eskaintza hori erabili ezin dutenentzat, garraiorako banakako laguntzak daude; familiaren egoitzaren eta ikastetxearen arteko garraioaren zenbatekoa estaltzen dute (garraio publiko erregularrean zein ibilgailu pribatuan). Banakako diru-laguntza hori jasotzeko, ikasleek ikastetxe publiko batean edo salbuespenez itunpeko ikastetxe batean eskolatuta egon behar dute, ez dute doako garraioa edo erakunde publiko edo pribatuek guztiz ordaintzen duten garraioa erabiltzeko aukerarik eduki behar eta ikastetxeak 2 km-tara edo urrunago egon behar du.
Nolanahi ere, elementu horrek tirabira sozialak sortu ditu zenbaitetan –ehunekoari begira familia-kopuru txiki bat ukitu arren–, haurrak eskolatzea eta gurasoek bateratzea erraztu egiten baitu (edo zaildu, laguntza horiek edo beste garraio-mota bat erabili ezin ez bada1).
1El Correo (2013-12-16).
4.2. Gizarte zerbitzuak
Familietan eragin altua daukaten arloei lotuta, daukan pisu espezifikoagatik Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen bidezko gizarte zerbitzuen arauketa aipatu behar dugu. Horren elementu nagusia gizarte zerbitzuak jasotzeko eskubide subjektiboaren aitorpena da, herritarren eskubidetzat jo baita, ongizate-sistema publikoaren oinarrizko euskarri moduan.
Sistema hori erantzukizun publikoko prestazioez eta zerbitzuez osatuta dago; horiek mendetasunari, babesgabetasunari eta pertsonen, familien eta taldeen bazterketarekin lotutako premiei erantzuten diete, eta gizarte zerbitzuetako euskal sistemako prestazioen eta zerbitzuen katalogoan zerrendatuta daude (aipatutako legearen 22. artikuluan xehetasunez kontsulta daiteke).
Familientzako ondorioei dagokienez (landa-lanean jasotakoari jarraiki), merezi du mendetasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko prestazioak aipatzea, banakako laguntzatzat jotzen diren arren eragin altua baitaukate familiaren arloan. Izan ere, estaldura-maila altuagoaren edo txikiagoaren arabera eta erkidegoarekin daukan lotura estuagoaren edo lausoagoaren arabera, lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza bateratzeko laguntza hobeak edo txarragoak eskainiko dituzte.
Zentzu horretan, autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen aplikazioaren egoera EAEn beste autonomia-erkidego batzuetan baino askoz ere eraginkorragoa izaten ari da. Dena den, txosten honen lanean, ezgaitasunen bat duten familiak ordezkatzen dituen hirugarren sektoreak oso era argian identifikatu du mendetasuna baloratzeko irizpideak zorrozten ari direla. Halaber, adierazi dute duela urte batzuk mendetasun-gradu altuak ematea eragiten zuten egoera pertsonalek intentsitate gutxiagoko graduetan baloratzen direla orain, eta gaur egungo irizpideak ez daudela argi.
“Ezgaitasunen bat duten pertsonen mendetasuna baloratzeko modua ez da egokia. Nire aburuz, irizpideak ez daude zuzen ezarrita. Bi kasu diferentetan diagnostiko berdinak edukirik, mendetasunaren balorazioei buruz lortzen diren berrikuspenak guztiz desberdinak dira. Diagnostikoak baloratzerakoan eta ezgaitasun– eta mendetasun-mailak finkatzerakoan nolabaiteko arbitrariotasuna igarri dut”.
(Gizarte-erakundeekin eztabaidatzeko taldea)
“Mendetasun-mailak arrazoi nabarmenik gabe jaisten ari dira, eta horrek esan nahi du prestazio ekonomikoak murriztu egiten ari direla, mendetasunak berbera edo handiagoa izaten jarraitzen duen arren. Lehen III. mailako mendetasuna zenari orain II. graduko balorazioa ematen zaio eta, beraz, pertsona horrek edozein motatako errekurtso gutxiago jasotzeko eskubidea dauka”.
(Gizarte-erakundeekin izandako elkarrizketak)
Aldaketa horren garrantzia funtsezkoa da, prestazioetarako eta gizarte zerbitzuetarako sarbidea edukitzeko ezinbesteko giltza delako. Pertsona bati mendetasun-maila jakin bat onartzen ez zaion heinean, ezin izango du haren bizi-kalitatea hobetuko duten (eta haren familiak bateratzeko dauzkan aukerak hobetuko dituzten) prestazioetara eta zerbitzuetara sarbiderik eduki. Halaber, zorroztasun horrek de facto prestazioen murrizketa dakar, herritarren zati batek ezin baititu eskuratu.
4.3. Diru-sarrerak bermatzea
Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legetik eratorritako prestazioak oso garrantzitsuak dira diru-sarrera baxuak dituzten familiei edo zuzenean pobrezia-arriskuan edo –egoeran dauden familiei laguntzeko. Diru-sarrerak bermatzeko errentaz, gizarte behar larrietarako laguntzez eta etxebizitzarako prestazio osagarriaz ari gara.
Diru-sarrerak bermatzeko errenta Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentari buruzko maiatzaren 25eko 147/2010 Dekretuak arautzen du, Euskal Enplegu Zerbitzuak (Lanbide) kudeatzen du eta familia-unitateak diru-sarrerarik ez daukanean edo horiek oinarrizko premiei aurre egiteko nahikoak ez direnean eska daiteke.
Familiak inolako diru-sarrerarik ez daukanean, bizikidetzako unitatearen kide-kopuruaren arabera ezarritako hileko gehienezko munta onartzen da: kide bateko bizikidetzako unitateentzat 616 €-koa eta 3 kide edo gehiago dituzten unitateentzat 875 €-koa izaten da –eskuarki eta 2013rako–. Unitateak diru-sarreraren bat eskuratzen badu, munta kalkulatzeko, bizikidetzako unitatearen kide-kopuruaren arabera legokiokeen gehienezko muntari diru-sarrera guztiak kentzen zaizkio.
Ahultasunagatik bereziki babestu behar den familia-mota gisa, guraso bakarreko bizikidetzako unitateen kasuan (ardurapean seme edo alaba bat edo batzuk dituen amaz edo aitaz bakarrik osatuta baitaude), prestazioa hileko 44,81 €-z osatzen da.
Bestalde, gizarte behar larrietarako laguntzak aldizkakoak ez diren, izaera ekonomikoa eta diru-laguntza izaera duten prestazioak dira, gizarte-marjinazioko egoerak prebenitzeko, saihesteko edo arintzeko beharrezkoak diren gastu zehatzei (ohikoei edo ez ohikoei) aurre egiteko nahikoak ez diren baliabideak dituzten pertsonei zuzenduta daudenak.
Azkenik, aipatu behar da etxebizitzarako beste laguntza espezifiko bat dagoela, etxebizitzarako prestazio osagarria izenekoa, diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonek alokairuari aurre egitea helburu duena. Etxebizitzarako prestazio osagarria 2/2010 Dekretuaren bidez araututa dago, eta gaur egun haren gehienezko munta hileko 250 eurokoa da (baina hileko 320 eurokoa ere izan daiteke, adibidez familia-unitateak ardurapean bi seme-alaba edo gehiago dauzkanean).
4.4. Etxebizitza eta lurzorua
13/2008 Legeak etxebizitza familietan eragin berezia daukan arlotzat jotzen du (lege horren aurreko araudian ekimen zehatzak jasotzen baziren ere). Zehazki, ezartzen du tratamendu berezia emango zaiela “adingabeko seme-alabak edo beren kasa moldatzen ez diren pertsonak beren ardurapean dituzten familiei, baita familia ugariei eta egoera bereziki ahulean dauden familiei ere, hala nola guraso bakarrekoei, genero-indarkeria edo terrorismo-ekintzak jasan dituztenei edo antzeko egoeraren batean dauden beste familia-motei, familia horiek etxebizitza errazago eskuratzeko kupo batzuk ezartzearren”.
Familiei zuzendutako neurri publiko nagusiei dagokienez, lehen ahalegina Etxebizitzaren eta Hiri Berrikuntzaren Plan Zuzentzailea 2010-2013 delakoa da. Etxebizitza erosteko fiskalitate berezia aipatzen du, baita familia ugarientzako kupoen aplikazioa ere. Era berean, industrialdeetan edo enpresa-parkeetan haurtzaindegiak eta enpresa-jantokiak eraikitzeko gutxieneko azalera bat gordeko dela jasotzen du, lanbidea eta familiako bizitza bateratzea erratzeko asmoz. 2013ko abenduaren 23an Eusko Jaurlaritzak 2013-2016 aldirako Etxebizitza Bideratzeko Plan berria onartu zuen.
Antzeman daitekeenez, ideia horiek familiei laguntzeko politika publikoen arlo nagusietako biri zuzenduta daude, zeren eta familiaren ikuspuntua bereziki ahulak diren taldeak babesteko nahiz lanbidea, familiako bizitza eta norberaren bizitza hobeto bateratzeko bidea ematen duten ekimenak sustatzeko batzen baita.
Hala ere, familiei laguntzeko etxebizitza-politikak ez dira nagusiki 13/2008 Legearen bidez bideratzen; aitzitik, baliabide gehiago dituzten bi tresna publiko daude:
Alde batetik, etxebizitzari buruzko jardunetako asko (bai erosketan bai alokairuan) kenkari fiskalen ikuspuntutik lantzen dira. Horien inguruko datu zehatzak dagokien atalean iruzkindu dira, baina oro har etxe bati urtero gehienez 3.600 € ekar liezazkiokete kenkaritan.
Beste aldetik, azpimarratu behar da Etxebide Etxebizitza Euskal Zerbitzuaren bidez familiek neurri zehatzak aurki ditzaketela, hala nola erabilitako etxebizitzak birgaitzeko laguntzak edo Bizigune programa. Azken horrek etxebizitza hutsak mobilizatzea du helburu eta Etxebiden izena emanda dauden, diru-sarrera gutxi dituzten eta jabetzan etxebizitzarik ez daukaten pertsonei zuzentzen zaie.
4.5. Bestelako jardun-eremuak
Lau arlo horiek familietan eragin altua daukaten neurriei dagokienez erreferentzia-puntuak diren arren, ezin da alde batera utzi Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearen jarraibideekin lerrokatuta dauden eta garraioarekin, kirolarekin, aisiarekin eta kulturarekin zerikusia daukaten ekintzak ere badaudela.
Esate baterako, garraio publikoari lotuta, Eusko Jaurlaritzaren, foru-administrazioen eta udal-administrazioen eskumenekoak diren linea erregularretan familia ugarien eta egoera bereziki ahulean daudenen aldeko tarifa-erregimen berezi bat dago. Hain zuzen ere, neurri horiek Familiei Laguntzeko 13/2008 Legearen nahiz aurreko araudien bidez –bibliografian kontsulta daitezke– antolatzen dira.
Era berean, garrantzitsua da aisiarako, kulturarako eta astialdirako udal-programak jasotzea, beraien helburuaz gain kasu batzuetan bateratzen laguntzeko lana egiten baitute. Dokumentazioaren analisitik eta landa-lanean udalekin izandako elkarrizketetatik ondoriozta daiteke gutxienetan sartu dela familiaren bateratzearen ikuspuntua programa eta zerbitzu horietan.